Ongi etorri herrira!

Jendartearen historian ohikoak izan dira migrazio mugimenduak: pertsona talde bat jaio edo bizi den herrialde edo lurraldea utzi eta beste leku batera joatea, gehienetan, bizimodua hobetzeko asmoarekin. Herritar berri horiei ongi etorri ekitaldiak egiten hasi dira Nafarroako zenbait udalerritan, euskara eta hizkuntza eta kultur aniztasuna ardatz hartuta. Lakuntzako eta Berako esperientziak ekarri ditugu artikulu honetara. 

 

Lakuntzako Udalak Aniztasun Kulturalaren Nazioarteko Egunaren bezperan, maiatzaren 22an, antolatu zuen ongi etorri ekitaldia. Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak eta Anitzartean Zerbitzuek eta Txingurriye taldeak ere parte hartu zuten. 

Sakanako Mankomunitateko euskara teknikariak euskararen berri eta hura ikasteko baliabideen eta helduek euskara ikasteko diru laguntzen berri eman zuen. Gainera, seme-alabak D ereduan matrikulatzera animatu zituen: “hizkuntza minorizatua da, baina baita aukeren hizkuntza ere, ateak irekitzen baititu”. Rita Torrico zinegotziak, jatorriz uruguaidarra denak, bere esperientziaren berri eman zuen: “euskara ikasten hasi nintzen ikastetxean nire semeei laguntzeko eta baita eguneroko bizitzarako ere. Garrantzitsua da euskararen garrantziaz jabetzea; zuen seme-alabendako ona da” adierazi zuen. 

Gambiar, hegoamerikar eta maliar jatorriko zenbait herritarrek parte hartu zuten ongi etorrian. Ekitaldiari bukaera emateko, Elai Alai taldeko dantzariek aurreskua dantzatu zieten etorri berriei. Udal ordezkariek, berriz, herriko zapia eta zerbitzuei buruzko informazioa eman zizkieten. 

 

Berako Udalak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak azken bi urtetan Berara bizitzera joan diren herritarrei ongi etorria emateko saioa antolatu zuten maiatzaren 24an. Bileraren helburuak euskararen inguruko informazioa eta baliabideak ematea, herritarrek elkar ezagutzea eta hizkuntza zein kultur aniztasuna balorean jartzea izan ziren. 

Azken hilabetetan Beran erroldatutako 8 lagunek parte hartu zuten ekitaldian, jatorriz Euskal Herria, Nikaragua, Kolonbia, Peru eta Kazakhstango herritarrak. Saioa antolatu izana eskertu zuten.