Lesakako barnetegian udako oporrak

90eko hamarkadan sortu ziren IKA koordinakundeko uda-ikastaroak, euskararen erabilera eta ezagutza sustatzeko asmoz. Egun, Lesakako Matxinbeltzenea aterpetxea da udako barnetegi horien epizentro.

Uztailean, abuztuan eta irailean antolatzen ditu IKA euskaltegiak udako ikastaroak. Bertaratzen direnei, bi astez, egun osoa euskaraz aritzeko aukera paregabea eskaintzen zaie; izan ere, barnetegia hizkuntza-maila hobetzeko testuinguru naturala da. Ikasleak ingurune euskaldunean murgiltzen dira, eta ikasturtean zehar ikasitakoa hobeki finkatzea lortzen dute. Horretarako, goizetan eskoletara joaten dira, eta, arratsaldeetan, propio sortutako irteera eta ekintzetan parte hartzen dute.

Aurten, bi barnetegialdi izan dira Lesakan: uztailaren 15etik 28ra, eta abuztuaren 19tik irailaren 1era. Giro ederrean eman dira, eta, bietan, ikasleek ongi pasatu eta euskara maila hobetu ahal izan dute. Polita izan da hasieran kostata solastatzeko gai ziren ikasleen garapena ikustea, bukaerarako, euskaraz komunikatzeko pausoa ematea lortu baitute.