Jatorri anitzetako herritarrak euskara ikasteko lehen urratsa ematen

Azkeneko hilabete hauetan ugaritu da oinarrizko euskara ikastaroen eskaintza. Iraupen laburreko ikastaroak izaten dira, eta bereziki gurera bizitzera etorri diren jatorri anitzetako herritarrek euskarara lehen hurbilpena egitea dute xede, lanerako zein harremanetarako baliagarriak izanen zaien oinarrizko ezagutza eskuratzeaz bat.

Urritik otsailera bitarte, Sakanako Mankomunitateko euskara zerbitzuak antolatuta 9 herritar arituko dira oinarrizko euskara ikastaroan Lakuntzan, 60 ordu osatu arte. Izen ematean lehentasuna izan dute Sakanan bizi eta euskararekin harreman gutxi duten etorkinek. Azken urteotan eskualdera ailegatu diren pertsona anitzek ez du aukerarik izan bertako hizkuntzara eta kulturara hurbiltzeko. Horregatik, Sakanako euskara zerbitzuak eta Anitzartean Zerbitzuak oinarrizko euskara ikastaroa antolatu dute; parte hartzen dutenen euskararen eta euskal kulturaren oinarrizko ezagutza lortzea da helburua. Ikastaroa debalde da.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Tankera bereko ikastaroa antolatu dute Baztanen, bereziki ostalaritzan ari diren langileei euren lanean baliagarria izanen zaien oinarrizko ezagutza eskuratzeko. Parte hartzaileen profila askotarikoa da eta bereziki Euskal Herritik kanpo sortutako herritarrek osatu dute taldea. Ez dute lehenbiziko esperientzia Baztanen, duela zenbait urte adinekoen zaintza lanetan ari diren langileentzako ikastaroa antolatu zuten, hagitz arrakastatsua izan zena.

Bide beretik, Bortzirietan ostalaritzako langileentzako ikastaroa antolatu zuten ekainean Beran, eta 2019an adinekoen zaintzan ari ziren langileekin ikastaroa antolatu zuten Arantzan. Biak hala biak esperientzia hagitz positiboak izan dira, jatorri anitzetako herritarren arteko ezagutza eta harremanak sustatzeko, kultura eta hizkuntza aniztasuna balioan jartzeko, eta euskarara eta euskal kulturara hurbilpena egiteko. Euskara ikastaroek tresna praktikoak eskaini dizkiete parte hartzaileei, lanerako zein harremanetarako.

Gisa honetako esperientzia eta ikastaroen eskaintza areagotzea espero liteke aurrerantzean, herritarren arteko elkar ezagutza eta harremanak ahalbidetzen dituztelako euskara ardatz hartuta, euskararekiko jakinmina, interesa eta estimua piztu eta areagotzen dituztelako, eta euskararen ikasketarako lehenbiziko urratsa edo esperientzia izaten ahal delako, ibilbide batera hasiera.