Iruñerriko II. Mintzodromoa iragarri dute

Martxoaren 23an izanen da, 18:30ean, Iruñeko autobus geltoki zaharrean. Eragile ugarik antolatu dute. Dagoeneko izena eman daiteke. 

Bigarren urtez, Iruñerriko AEK, Iruñerriko IKA, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofiziala, Zubiarte euskaltegi Publikoa eta Iruñerriko Mintzakide egitasmoa elkartu dira Iruñerriko bigarren Mintzodromoa antolatzeko. “Iruñeko Autobus Geltoki zaharrean Iruñerriko euskaldunak, ikasleak eta euskaltzaleak elkartu nahi ditugu, hainbat gairen inguruan hitz egiteko. Honen xede nagusia euskara kalera ateratzea da eta euskararen erabileran aurrera pausuak ematea” azaldu dute antolatzaileek. 

2021eko urrian antolatu zuten lehen aldiz Iruñerriko Mintzodromoa, eta haren arrakasta ikusita, antolatzaileak “euskararen zurrumurru goxoan berriz elkarrekin aritzeko irrikan” daude.

Zer da Mintzodromoa?
Mintzodromoa hainbat gairen inguruan hitz egiteko gunea da. Antolatzaileek hiru gai proposatuko dituzte eta horien inguruan aritzeko gidoia ere bai. Lauzpabost laguneko taldeak eginen dira. 15-20 minutuz gai baten inguruan aritu ondoren, tokia eta gaia aldatuko dituzte eta beste talde batean arituko dira beste gai baten inguruan tar-tarrean, “tar-tar goxoan”. Hori egindakoan, berriz ere, gaia eta mintzakideak aldatu eta gauza bera eginen dute. 

Aurten Nafarroako euskalgintza eta euskal kulturaren hainbat kidek ere hartuko dute parte eta bukaeran zozketa eginen da. 

Izen-ematea
Eman izena esteka honetan: labur.eus/mintzodromoa2023  
Izena emateko epea martxoaren 17an bukatuko da.