Iruñeko Hizkuntza Eskola mintzo: Aurten Hizkuntza Eskolan, aurrez aurre. Bai, horixe!

Iruñeko Hizkuntz Eskolatik dator notizia...

Irailaren 27an emanen dio Iruñeko Hizkuntza Eskolak hasiera ikasturte berriari. Gogoz bezain kementsu, izan ere, eskolak aurrez aurre emanen baititugu Iruñeko Alde Zaharreko Konpainia plazako ikastetxean. Pozez gainezka gaude euskara departamentuko 10 irakasleak aurten benetako normaltasuna berreskuratuko baitugu. Pandemiak ez du anitz lagundu eskolak behar bezala ematen eta ikasle/irakasle harreman estua goxatzeko orduan.

10 irakasle prest, bai. Zertarako? Bada, zuri euskara ikasten laguntzeko. A1 mailatik hasi eta C1 mailaraino. Irailaren 27an hasi eta maiatzaren 19ra arte, 230 orduko ikasturtea izanen da aurtengoa. Astean bi egunez eskolara etorriz, astean 4 ordu eta erdiz taldeko dinamikan murgildurik erraza egiten da euskara ikastearen abentura ederra. Izan ere, taldean ikastea goxoagoa baita, errazagoa baita. Bakarrik ikasita maldan gora egiten da ikaskuntza prozesua; horretarako, hau da, bakarrik ikasteko, gaurko bizimodu eroak uzten diguna baino denbora gehiago behar izaten dugu.

Hala ere, denbora gutxi baduzu, baditugu talde batzuk astean bakarrik bi ordu eta laurdeneko presentzialitatea dutenak: erdipresentzialak. B2.2 eta C1 mailetan ditugu, talde hauetan, bakarkako lana hagitz funtsezkoa da: etxean ere lan egin behar da, astero-astero zintzo-demonio hainbat ordu sartuz.

Honatx aurtengo ikaspostu eskaintza:
A1 – 150 ikaspostu
A2 – 100 ikaspostu
B1 – 100 ikaspostu
B2.1 – 75 ikaspostu
B2.2 – 125 ikaspostu
C1 – 200 ikaspostu
C1 – Lizarran – 25 ikaspostu

Data esanguratsuak, hauek:
1)    Aurreinskripzioa egin dezakezu irailaren 21a arte eta matrikula irailaren 23an edo 24an
2)    Bakanteak ikusita (lehen epea): matrikula egin irailaren 28an
3)    Bakanteak ikusita (bigarren epea): matrikula egin urriaren 1etik 6ra
4)    Bakanteak ikusita (hirugarren epea): matrikula egin urriaren 11tik azaroaren 18ra

C1 mailan sartzeko MAILAKETA PROBA egin nahi baduzu etorri eskolara irailaren 16an goizeko 9,00etan, eskolako hirugarren solairura.

Euskara ikasi nahi baduzu gurekin, hagitz erraza duzu: izena eman Iruñeko Hizkuntza Eskolan. Bisitatu gure webgunea, bertan duzu-eta informazio guztia: eoip.educacion.navarra.es