IKA euskaltegietatik dator notizia...
Gu, Arturo Campion euskaltegian, 2B mailan ari den talde jatorra gara. Gure ordutegia hemen euskaltegian, ez da batere ohikoa, alderantziz, nahiko bitxia da: astean bi egunez, astearte eta ostegunetan eta arratsaldeko 19:00etatik 22:00etara, hau da, hiru orduz! Halaxekoak gara gu: ausartak eta adoretsuak.
Talde polita osatzen dugu. Gehienok lehendik ere, elkar ezagutzen genuen eta aurten berriren bat elkartu zaigu.
Aurten, klaseko erritmo eta martxaz gain, badugu zer ospatu eta zer kontatu: gure euskaltegiak 50 urte bete ditu! Horixe, jadanik ez da gaztetxo eskarmentu gabe hura baizik eta gazte kontserbatzen den heldu interesgarria. Kar, kar, kar…
Aurrera egin baino lehen, egin dezagun historia pixkat. Arturo Campion euskaltegia 1971-72 ikasturtean, handik eta hemendik zeuden talde eta gau-eskolak bilduz, sortu zen. Beraz esan daiteke egoitza finkoa zuen lehen euskaltegia izan zela gurea. Aukeratu zuten lekua Compañia kaleko pisu bat ( geroago beste bat ere izanen zen ) izan zen. Urte zailak, gatazkatsuak ziren eta garai hartan jende izugarria hurbiltzen zen ordura arte debekatua egon zen euskara hura zer zen ikustera. Poliki-poliki, ikasle kopurua egonkortu zen eta, horrekin batera, Comedias kalean dagoen bi pisuko etxe dotore honetara etorri zen euskaltegia.
Urte hauetan guztietan euskaltegia aurrera ateratzea buruhauste ederra izan da bertako arduradunendako. Inoiz ez baita erraza izan euskara duintasunez ikastea eta irakastea gure Nafarroa honetan. Beti tira-birak uneko administrazioarekin, beti trabak, beti oztopoak… Hala ere, une alaiak ere ez dira gutxi izan. Batez ere, etxe honetatik pasa diren eta euskara ikasi duten ehunka jendek sorturikoak.
Baina urteurrena ospakizuna da, eta oraingoz deus gutxi esan dugu horri buruz. Otsailaren 26an hasiera emango zaio jai-egitarauari; nola eta Iruñean kuttuna den eran: txupinazoa jaurtitzen. Martxoaren 5ean, larunbatarekin, Baluarten, hainbat talderen kontzertu izugarria izanen da.
Esan behar da euskaltegiak dagoeneko abian dituen bi egitasmo aurki gauzatuko direla: alde batetik, “50 urte, 11 istorio” izeneko liburu bikaina eta izen bereko bideo-dokumentala, zeinak hemen barna igarotako jende desberdinak utzitako testigantza interesgarriak biltzen dituen. Liburua, martxoaren 10ean aurkeztuko da Laban eta gero, liburu-dendetan salgai ikusteko aukera ere izanen duzue.
Eta horrela, beste ekitaldi xumeago batzuk egin ondoren, Maiatzaren jai egun handira iritsiko gara. Maiatzaren 21ean, hainbat ekitaldi izanen ditugu goiz osoan zehar, bermuta koadrillan eta “San Arturo” bazkari mundiala! Aurten ere, nola ez, Jarauta 69k ederki girotua. Eta gauean parrandan jarraitzeko musika emanaldia.
Hauxe da gure egitaraua. Zuen gustukoa izatea espero dugu eta parte hartzea ere bai. 50 urte ez baita egunero betetzen!
IKA-Arturo Campion euskaltegian ari den 2B iluntzeko taldea.