Hurrengoan euskaraz!!”

Abian da Nafarroako Gobernuak eta toki entitateek "Hurrengoan euskaraz!!", helduen artean euskararen irakaskuntza sustatzeko kanpaina.
Nafarroako Gobernuak eta toki entitateek “Hurrengoan euskaraz!” kanpaina aurkeztu dute 2020-2021 ikasturterako, Nafarroan dauden ia 30 zentroetan izena emateko epearekin bat eginez

Euskarabideak, 36 toki entitatek, Zubiarte euskaltegi publikoak, hizkuntza-eskola ofizialek, eta ekimen sozialeko AEK, IKA eta Lan Ta Land euskaltegiek, elkarlanean, abiarazi dute ekimena.

Segurtasun- eta egokitze-neurriak

Horretarako, euskara irakasteko zentroak, orain arte egiten duten lanarekin batera, egokitu egin dira klaseak etxetik eman ahal izateko Internet bitartez. Ildo horretan, 2020-2021 ikasturtean online modalitateak eta erdi presentzialak eskainiko dira.

Aurkezpenean Euskaltegiek egindako lana azpimarratu nahi izan da; izan ere, “eskaintza mantentzeaz gain, telelanaren eta erreminta birtualen bitartez aberastu egin dute”. Euskaltegiak, nabarmendu da, “ekarpen garrantzitsua egin diote Nafarroako gizarteari eta egiten jarraituko dute, orain bizitzea egokitu zaigun krisi-garai honetan ere”.

Bestalde, Raul Maizak, Berriozarko alkateak, honela nabarmendu du: “euskara sustatzeko udalerriek egiten duten sare-lana garrantzitsua da, gero eta proiektu gehiago garatzen baitituzte era guztietako eskaerei erantzuna emateko”. Modu horretan, “garrantzitsua da euskara ikastea udalerriek osatzen duten ingurune naturalean eta euskaltegiak bezalako hurbileko espazioan”, adierazi du. Azkenik, ondorengoa gehitu du: “hizkuntza hau ikasteak sozializatzeko aukera berriak eskaintzen ditu euskararena bezalako komunitate dinamikoan”.

Euskara irakasteko ekimen sozialeko zentroen izenean, IKAko Aitziber Garraldak honako hau nabarmendu du: “zentroetan, gure eskura dauden neurri guztiak jarriko ditugu klaseak osasun-arloko berme guztiekin eskaintzeko”; era horretan, gizarte osoa “euskara ikastera” animatu nahi izan du, “geure hizkuntza propioa delako eta etorkizuna euskaraz izango delako”.

Informazioa eta laguntzak

Euskarabideak laguntza-deialdi bat jarriko du abian, 2020-2021 ikasturtean zehar ikastaroak, ikastaro trinkoak, barnetegiak eta autoikaskuntzarako ikastaroak egitea diruz laguntzeko. 

Halaber eta ildo beretik, toki entitateek ere diru-laguntzak emango dizkiete euskara ikasteko ikastaroetan parte hartzen dutenei.

Argibide gehiagorako:

www.elaide.eus
www.euskarabidea.es