Hitzordua Durangon

2019ko abenduaren 5etik 8ra ospatuko da 54. Durangoko Azoka. Euskal kulturaren urteroko topaketa hau euskarazko kultur sorkuntza ezagutzeko eta gozatzeko tresna bikaina da. Bertan, era guztietako adierazpen eta euskarri kulturalak aurkitu ahal izanen ditugu.

Besteak beste, honako hauek osatuko dute egitarau oparoa: idazleen hitzaldiak eta horiei egindako elkarrizketak, musika emanaldiak, tailerrak, antzerkia, jokoak, DVDak, diskoak, liburuak eta euskara ikasleentzako lagungarri izanen diren hainbat material ere. Aurten 400 nobedade baino gehiago aurkeztuko dituzte, diskoen eta liburuen artean; horietariko asko zuzen-zuzenean.

Adierazpen horiek guztiak hainbat espaziotan garatuko dira: Areto Nagusia (hitzari eskainitako espazioa), Irudienea (ikus-entzunezkoen munduko espazioa), Ahotsenea (120 musika emanaldi eta solasaldi baino gehiagorekin), Plateruena (kontzertu handietarako plaza), Szenatokia (arte eszenikoen espazioa da), Kabi@ (ingurune digitalaren paradisua) eta Saguganbara (neska-mutikoen eta euren familien mundua dagoen lekua).

Durangoko Azokari buruzko informazioa guztia www.durangokoazoka.eus webgunean kontsulta daiteke.