Barnetegiak, udako planetan ezinbertzekoak

Udako oporraldia eta planak prestatzen ariko da bat baino gehiago une honetan. Euskararen ikasketari bultzada emateko arras bide emankorra da udako barnetegiena, euskarazko giroan bete-betean murgilduta denbora gutxian nabaritzen baita hobekuntza.

Euskara maila sendotzeko eta aitzinera pausoak emateko ez ezik, herri eta paraje berriak ezagutzeko ere parada ezin hobea eskaintzen dute udako barnetegiek. Izan ere, uda gozamenerako eta atsedenerako garaia da, eta horretatik dezente aurkitzen ahal da barnetegietan, ohiko errutina eta bizimodutik aparte, giro lasai eta atsegin batean ematen baitzaio bultzada euskararen ikasketari. Helduen euskalduntzean ari diren entitateak dagoeneko hasiak dira uda honetarako prestatu duten eskaintza ezagutzera ematen.

AEK

AEK-k ezagutzera eman du bere aurtengo barnetegi eskaintza. Uda ailegatu aitzin, ordea, udaberri honetan asteburuko barnetegiak antolatu dituzte. Izen ematea zabalik egonen da maiatzaren 5era arte.

Eta propio udako barnetegiei dagokienez, honako hauek eskaintzen ditu erakundeak: mailaka antolatutako ohiko euskalduntze barnetegiak, ezagutza maila egiaztatzeko eta azterketak prestatzekoak, familia barnetegiak, barnetegi ibiltaria eta Xiberera barnetegia. Barnetegiak Foruan, Arantzan, Adunan, Urepelen eta Mendikotan eginen dira, motaren arabera, eta maiatzaren 5etik aitzinera izanen da informazio gehiago eta abiatuko da izen ematea.

Maizpide euskaltegia

Maizpiden 12 egunekoak izaten dira udako ikastaroak, asteburu bat barne dutela, eta egunean zortzi eskola ordu ematen dira. Uztailean, abuztuan eta irailean egiteko antolatuta daude, maila guztietan. Matrikulazioa apirilaren 7an hasiko da.

Zornotzako barnetegia

Barnetegiak 6 ikastaro antolatu ditu uda honetarako (uztaila-iraila bitartean). Zornotzan ere, 12 eguneko iraupena izanen dute, eta egun bakoitzean 8 eskola ordu emanen dira. Barnetegiak bi erregimen eskaintzen ditu: pentsio osoan egotea (eskolak eta egonaldia) edo erdian (eskolak, kanpo-ekintzetan esku hartzea, etxera lo egitera joanez). Dagoeneko matrikula egiteko aukera dago.