2025-2026 ikasturtean izena emateko epea zabalik Zubiarte euskaltegian

Ikasturtea amaitzen ari den honetan, Zubiarte euskaltegi publikoak heldu den ikasturterako eskaintzaren berri eman du. Izena emateko epea ekainaren 22an amaituko da.

Uharten kokatuta dagoen Zubiarte euskaltegi publikoak oso eskaintza zabala du eta maila guztiak ematen ditu:  A1, A1+,  A2, B1, B2, C1.1 eta EGA-C1.2; azken hori C1 edo EGA azterketa prestatzeko berariazko taldea da.

Aurrez aurreko eta autoikaskuntzako hainbat ikastaro eskaintzen dira, goizez, arratsaldez eta gauez. Gainera, ikasleen lan-txanden arabera egokitzeko erraztasuna ematen du. B2 eta C1 mailako elkarrizketa-taldeak ere badaude, baita euskaltegitik kanpoko ikastaroak ere: Zizur, Antsoain, Sarriguren eta Arrotxapean. 

Horiez guztiez gain, online modalitateko taldeak ere badaude maila guztietan, astean bi saiokoak, euskaltegira joan beharrik gabe.

Hemen da Euskaltegiaren eskaintza osoa.

Matrikula online egin behar da. Aurrez aurre nahi izanez gero, beharrezkoa da hitzordua eskatzea euskaltegira bertara joanda edo telefono honetara deituta: 848 431010.