“Abdelkader” pastorala Urrüstoi-Larrabilen

Datorren abuztuaren 8an, igandearekin, eginen dute pastoral honen azken emanaldia. Aurtengoan, uztailaren 25etik abuztuaren 8ra bitartean, lau emanaldi burutuko dituzte. Hirugarren urtez antzeztuko dute Zuberoako Urrüstoi-Larrabileko herritarrek Jean-Louis Davant-ek zuzendutako obra.

Jean-Louis Davant idazle eta euskaltzalearen Abdelkader obra antzeztuko dute abuztuaren 8an, aurten azkenekoz, Urrüstoi-Larrabilen. Lanak Abdelkader emirraren bizitza du oinarri, XIX. mendearen erdialdean Frantziako Estatuak Aljeria konkistatzearen aurka altxatu zen gizona.

Kanpoko heroia Abdelkader emirra eta bere aldekoak ate urdinetik aterako dira eta frantsesak gorritik, turkoen ohiko atetik. "Euskal Herritik kanpo ere gizon emazte handiak egon dira", ohartarazi du Battitta Berrogain errejenta edo taula zuzendariak. Aurten, 70 aktore, hamabost dantzari eta hamabi haur zuzentzea egokitu zaio Berrogaini. "Ez dugu batere arrangurarik protagonista ez baita euskalduna. Askatasunaren aldeko borroka egin zuenez loturarik badu ere Euskal Herriarekin", zehaztu du Luxi Camus Etxekopar aktore eta kantariak. "Gure pastoralean Aljeriako lehen eta bigarren gerlak aipatzen ditugu eta bigarrenean Ipar Euskal Herriko milaka gizonek parte hartu behar izan zuten, horien artean Jean Louis Davant berak. Ehun bat euskaldun hil ziren eta horietatik 22 zuberotarrak ziren, beren izenak Itsasun dagoen oroitarrian irakurri litezke", argitu du Thomas Erguy pastoralaren aktore eta antolatzaileak.

Pandemia dela-eta, aurreko urteko emanaldia atzeratu egin behar izan zuten. Aurten, hirugarren aldiz antzeztuko dute herritarrek obra. Segurtasun neurriak betetzeko, 1.000 ikuslerentzako lekua izango duten lau emanaldi eginen dituzte: uztailaren 25ean eta 30ean eta abuztuaren 1ean eta, esan bezala, 8an.

Antzezlana arratsaldeko 15:30ean hasiko da, eta aurretik zein ondoren, pastoraletako egun tradizionala ospatuko da Urrüstoi-Larrabilen. Meza, desfilea, animazioak eta bazkaria egonen dira hurbiltzen diren guztientzako.

12 urtetik gorako edonor bertaratu daiteke emanaldira. Sarrerak 15 euroan daude salgai. Ipar Euskal Herriko hainbat puntutan eskuratu daitezke: Atharratzeko Piellenia ostatuan, Mauleko Xiberoko Bio dendan, Donapaleuko La Ferme Souletine dendan, Donibane Garaziko Paris denda-ostatuan eta Baionako Elkar dendan. Informazio gehiago xiberokojaunaelkartea@gmail.com helbidean.