Maiatzaren 21a data seinalatua da munduko kultur aniztasunaren aitortzan. Nazioarteko egun honek kultur ezberdinen batasuna (aniztasunean) eta aitortza ditu xede, eta horien bidez eta horiekin batera ongizatea, garapena eta elkarbizitza. Euskara eta euskal kultura badira munduko kulturen koloretako bat, baita zubi eta topaleku ere gurera hainbat herrialdetatik bizitzera etorri diren herritarrentzat. Han-hemenka hizkuntza eta kultura aniztasuna aitortzeko ekitaldiak antolatu dira, elkar ezagutzeko eta herritarren hizkuntza eta kultura aniztasuna balioan jartzeko. Euskaraldi bete betean, Bortzirietan antolatu dituzten jardunaldiek piztu dute Elaideren arreta.
Bortzirietako jardunaldiak
Bortzirietako hizkuntza eta kultura aniztasun taldeak kultura aniztasunaren nazioarteko egunaren inguruan antolatu ditu jardunaldiok, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen eta Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuaren babesarekin. Joan den urtean lehenbizikoz Bortzirietako hizkuntza eta kultura aniztasun besta antolatu zen Beran, eta aurtengo jardunaldietan immigrazioarekin, hizkuntza eta kultur aniztasunarekin, harrerarekin eta euskararekin lotutako hiru ekitaldi antolatu dituzte. Herritar, elkarte eta eragile oro gonbidatu dituzte jardueretara, baita azpimarratu ere ekitaldiok bortziritar guzientzat antolatu dituztela, bertan zein kanpoan sortuak izan.
Kartela hainbat hizkuntzatara itzuli dute.
‘Migrantas’ erakusketa Beran eta Etxalarren
Iraitz Arabolaza eta Parean elkartearen ‘Migrantas’ erakusketa ikusgai izanen da Berako Labiaga Ikastolako Areto Nagusian maiatzaren 16tik 29ra. Astelehenetik ortziralera, goizez, ikastetxeetako haurrentzat zabalik izanen da eta larunbatetan eta igandetan, 17:00etatik 20:00etara, nahi duen guztiarentzat.
Aurkezpena maiatzaren 16an egin zuten eta 20 herritar inguru bertaratu ziren. Egileen azalpenak arretaz entzun ahal izan zituzten eta bukaeran berendua egin zuten. Maiatzaren 30etik ekainaren 6ra Etxalarko Pello Apezetxea Zubiri Kulturgunean ikusteko modua izanen da, astelehenetik ortziralera, 16:00etatik 19:40era. Etxalarko aurkezpena hilaren 30ean eginen dute, ortziralean, 18:30ean, euskaraz, aldibereko itzulpenarekin.
Kultur aniztasunaren besta ospatu zen Lesakako Irain herri ikastetxean
Maiatzaren 20an, kultura aniztasun besta ospatu zuten Lesakako Irain Herri Eskolan, Irain Guraso Elkarteak antolatua, hizkuntza eta kultura aniztasun taldearen, euskara mankomunitatearen eta Lesakako Udalaren laguntzarekin. Dantzak, tailerrak, munduko gastronomia ezagutzeko janari dastaketa eta Roda do leo taldearen kontzertua izan zituzten eskolako patioan.
Ikerketaren aurkezpena hilaren 29an Beran
Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Euskaltzaindiak Pello Apezetxea Zubiri ikerketa beka abiatu zuten joan den urtean eta lehenbiziko edizioko irabazleek, Paula Laitak, Jon Martinek eta Ane Osuak, ‘Bortzirietako hizkuntza aniztasuna migratzaileen euskararekiko pertzepzioak eta jarrerak’ ikerketaren aurkezpena eginen dute maiatzaren 29an, ortzegunean 18:30ean Berako Beralandetan. Aldibereko itzulpena izanen da eta akabailan jatekoa eta edatekoa egonen dira.