Mintzodromoak plazara

Bihar, 5. eLe festa ospatuko da Altsasuko Foruen plazan. Mintzodromoa da eguneko ekitaldi garrantzitsuena. Maiatzaren 17an, berriz, Tafalla aldeko euskaldunek dute hitzordua. Biak ere, euskaldunak ezagutu eta euskara praktikatzeko aukera politak dira.

Sakanako 5. eLe festa 
Sakanako AEK-k, Mintzakide programak eta Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak 5. eLe festa antolatu dute Altsasuko foruen plazan. 12:00etan emanen diote hasiera mintzodromoarekin. Antolatzaileek euskara praktikatzeko gonbidapena egin diete euskaltegiko ikasleei, mintzakideei eta ekimenean parte hartu nahi duten euskaldunei. 

Berrikuntza moduan, aurten, gai jartzaileak Idoia Granizo Uribarrena eta Ekain Alegre Gil bertsolariak izanen dira. Mintzodromoaren ondoren, parte hartzaileendako auzatea izanen da. 
Festari bukaera emateko, Kidam magoarekin magia poteoa eginen dute Altsasuko alde zaharrean.     

Maiatzaren 17an hitzordua Tafallan
Tafallako AEKren eskutik, maiatzaren 17an, 19:30etik 20:30era mintzodromoa eginen da Tafallako Nafarroako plazan. Taldeka gai ezberdinei buruz, modu askean hitz egiteko aukera paregabea izanen da.  

Mintzodromoa, Euskararen Astearen barruan antolatu da. Aste osoan zehar, euskaraz bizitzeko hamaika aukera izanen dituzte Tafallako eta inguruko herrietako euskaldunek: bertso poteoa, hitzaldia, bazkaria… Ekitaldiak Elaideko agendan daude. 

Zer da Mintzodromoa?
Mintzodromoaren helburua euskararen erabilera sustatu eta erabilera hori kalera ateratzea da, jendea mintzodromoan euskaraz solasean jarriz; euskara ikasten ari den euskaraz hitz egitera animatzea; euskaraz jakin arren, euskaraz aritzeko aukera gutxi dituenari aukera hori ematea; nahiz eta euskalduna izan, ohituraz, euskaraz gutxi egiten duenari motibazioa areagotzea.

Parte hartzaileak talde txikitan eseri, eta interes orokorreko lauzpabost gairi buruz hitz eginen dute. Gai bakoitzarendako 10-15 minutu inguru izaten dute. Denbora hori pasata, eserlekua eta mintzakideak aldatu, eta gai berria hartuko dute.