Helduek euskara ikasteko laguntzak eskatzeko epea ireki du Nafarroako Gobernuak

Diruz lagunduko dira barnetegiak, ikastaro estentsiboak eta trinkoak, autoikaskuntza eta ikastaro espezifikoak. B modalitateko diru-laguntzak eskatzeko epea urriaren 1ean hasi eta azaroaren 30ean bukatuko dira.

Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzak bi modalitatetan banatuko dira:

  • A modalitatea: 2021eko urriaren 26tik aurrera egindako matrikuletarako, ikastaroek 2022ko irailaren 30erako bukatuta behar dute. Eskaerak egiteko epea maiatzaren 26an zabaldu zen eta abuztuaren 31n amaituko zen.
  • B modalitatea: 2022ko abuztuaren 29tik abenduaren 1era bitartean hasiko diren ikastaroetarako, ikastaroek 2023ko ekainaren 30erako  bukatuta behar dute. B modalitateko eskaerak egiteko epea, berriz, urriaren 1ean hasiko da eta azaroaren 30ean amaitu.

Dirulaguntzak eskainiko ditu barnetegietan ikasteko, ikastaro estentsibo eta trinkoak eta autoikaskuntza zein berariazko ikastaroetarako. Hizkuntza eskola ofizialetan eta Zubiarte eta Euskarabideko euskaltegietan ari diren ikasleek ez dute diru-laguntzarik izanen. 

Aurrez aurreko talde arruntetan eta barnetegietan, gutxienez, ikastaroek 40 orduko iraupena izanen dute; baliabide telematikoen bidezko irakaskuntzetan, aldiz, 100 ordu ikastaroko. Azkenik, berariazko ikastaroek 40 eskola-ordu baino gehiagokoak izan behar dute.

Diru-laguntza hauek jaso ahalko dituzte hurrengo betebeharrak betetzen dituzten pertsonek: 16 urte baino gehiago izatea (kasu honetan, eskaera gurasoek edota adingabekoaren tutoretza duenak eginen dute); Nafarroan erroldatuta egotea deialdia argitaratzen den egunean; euskarazko ikastaro batean izena emanda egotea eta horrengatik ordainketaren bat egin izana; gutxienez eskolen ordu kopuruen %80 hartu duela ere egiaztatu beharko da.

Euskarabidearen diru-laguntzen informazio osoa hemen.

Halaber, gogoratu nahi da Nafarroako hainbat toki entitatek ere diru-laguntzak deialdiak deitzen dituztela. Hauen gaineko informazioa hemen.