‘Harizko zubiak ehuntzen’, euskara eta kultura mugaz gaindi

Karrikiri elkarteak antolatutako proposamenak mugaren bi aldeetan euskaraz eta euskaratik bizi direnen harremanak sortu, sendotu eta “txirikordatu” nahi ditu.

Karrikiri elkarteak mugaz gaindiko proposamen kultural, intelektual eta soziolinguistiko garaikidez betetako programazio berri bat prestatu du urrirako, “euskaldunon artean garunak astintzeko” eta Pirinioak zeharkatzen dituzten zubiak indartzeko helburuarekin.

Horrela, euskal kulturaren kontsumitzaileak puntu batean elkartzea eta mugaz gaindiko batuketa bat eragin nahi dute, eta asmo horrek bultzatuta jaio da ‘Harizko zubiak ehuntzen’: elementu ezberdinez osatutako zikloa, non musikaz gozatu eta hausnarketa sustatzeko materiala sortu ahal izanen den, eta euskararen biziberritzearen inguruan proiektu berriak sortzeko aukera eskainiko den.

Eskaintza kultural guztia Iparraldetik iritsiko da, euskaratik bi lurraldeen arteko harremanak landu eta hango pertsona euskaldunekin harremanak sendotu nahi dituztelako. Aurtengoa ekimenaren lehenengo edizioa da, eta antolatzaileek hirian sendo sartzea nahi dute, eta datozen urteetan jarraipena eman. Ildo berean, negura begira Iparraldeko artistekin eta kulturarekin lotutako jarduera gehiago programatzen jarraituko dutela aurreratu dute.

Egitasmoa hainbat entitateren laguntzarekin antolatua dago: Laba, Pamiela, Eusko Kultur Mintegia, Irauli, Dindaia, Plazara, Euskalerria Irratia eta Iruñeko Udala. 

Hona hemen egitaraua:

Kontzertua. Oreka TX eta Thierry Biscary
Urriak 9 · 20:00 Laban
Sarrera: 12€ *Karrikirin eta online

Kontzertua. Ekhi Lambert + Ixabe
Urriak 16 · 20:00 Laban
Sarrera: 12€ *Karrikirin eta online

Topaketa. Ameslariak etorkizunari begira
Urriak 17 · 9:00 Eusko Kultur Mintegian
Astindu ikastaroan aritutakoentzat

Kontzertua. ØDEI + B.B.B.B.
Urriak 17 · 20:00 Laban
Sarrera: 12€ *Karrikirin eta online

Solasaldia. Euskal Kultura? gaur egun
Urriak 21 · 19:00 Karrikirin
Libre

Kontzertua. Habia + Garazi Esnaola
Urriak 23 · 20:00 Laban
Sarrera: 12€ *Karrikirin eta online

Solasaldia. Familiak, zubiak, egonaldiak
Urriak 28 · 18:00 Iraulin
Libre

Maiatz argitaletxeko liburu aurkezpenak
“Sentimenduaren metamorfosia”, “Bihotzaren izkin batetik” eta “Deserroa haurtzaro”
Urriak 30 · 19:00 Karrikirin
Libre

Kontzertua. Buhaminak – Baionako emakume abesbatza
Urriak 31 · 12:00 Kondestablean
Libre

Kontzertua. Hor-Hor Hirukotea
Urriak 31 · 20:00 Laban
Sarrera: 12€ *Karrikirin eta online