GureTxokoak: euskarazko zerbitzuen gida interaktiboa

Arreta euskaraz eskaintzen duten jatetxe, zerbitzu eta komertzioen mapa sortu du euskaltzale talde batek sarean, eta hori gehiago betetzea espero dute auzolanari esker.

Euskaltzale talde batek GureTxokoak webgunea eta app-a sortu ditu, zerbitzuak euskaraz eskaintzen dituztenen gida izan nahi duena guztion eskura jartzeko. Bultzatzaileek adierazi dutenez, “euskaldunoi askotan oso zaila egiten zaigu komertzio eta abarretan euskaraz eskatu ahal izatea, eta honek estres linguistiko handia sortzen digu”. Kezka horretatik abiatuta jarri dute martxan proiektua, euskaltzaleoi egunerokoan euskaraz bizitzea pixka bat erraztuko digun tresna bat sortzeko helburuarekin.

Aplikazioan zein webgunean Euskal Herriko mapa interaktibo bat agertzen da, zerbitzua euskaraz ematen duten tokiak ikonoekin nabarmenduta, zein bere kategoriari dagokion kolorearekin. Puntu bakoitzean, lekuaren izena, argazkia eta eskaintza agertzen da, baina jendearen oharrak ere gehitu ahal izanen dira.

Proiektua auzolanean eta inolako irabazi asmorik gabe abiarazi dute, eta auzolanean elikatzen jarraitzea dute helburu: erabiltzaileek mapan dauden txokoak kontsultatzeaz gain, kontua sortu eta beraien inguruko txoko euskaldunak proposatu ahal izanen dituzte: “Horrela guztion artean Euskal Herri osoko mapa ahalik eta osatuena eskaini ahal izanen zaio erabiltzaile euskaltzaleari”.

Ekimenak berehalako arrakasta izan du: jadanik 1.000 toki baino gehiago bildu dira eta 1.500 lagun inguruk jaitsi dute Androideko aplikazioa.