`Euskara Ahora´: euskaltegian matrikulatzeko dei bateratua

Nafarroako Gobernuak, toki-entitateek eta helduei euskara irakasteko sektoreko eragileek `Euskara Ahora´ kanpaina aurkeztu dute. Euskara ikasteak eskaintzen dituen bizipen berriak eta ematen dituen aukerak azpimarratu dituzte. 
 

Helduen euskalduntzea sustatzeko `Euskara Ahora´ kanpaina bateratua aurkeztu dute Nafarroako zenbait entitate eta eragilek: Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bidez; Nafarroako 35 toki entitatek; Hizkuntza Eskola eta Zubiarte euskaltegi publikoek eta gizarte ekimeneko AEK, IKA eta Bai&By euskaltegiek. Azken urteotan euskaltegiko matrikula kopuruak etengabe igo dira eta, ekimen bateratu horri esker, Nafarroan urtero 5.550 heldu baino gehiago trebatzen dira euskaraz. 

Euskara ikastaroetan izena emateko epea irekitzearekin batera, Nafarroako herritarrak euskara ikastera edo hobetzera eta, horretarako, euskaltegian izena ematera animatu dituzte. Aurten, kanpainak euskara jakiteak eskaintzen dituen bizipen berriak eta ematen dituen aukerak azpimarratu ditu `Ez galdu une hau. Ez galdu aukera hau´ mezuarekin. Euskarrietan euskarari esker zabaltzen diren aukerak erakusten dira: seme-alaba txikiekiko harremana, lagun berriak, lan-aukerak, euskarazko kultura-eskaintza zabalaz gozatzea, etab.

Sustapen kanpaina iraila osoan eginen da.


Dirulaguntzak gora

Zazpigarren urtez jarraian, Euskarabideak abian jarri du euskara ikasleei zuzendutako laguntzen deialdia, 2024-2025 ikasturteko ikastaro estentsiboak, trinkoak, barnetegiak eta autoikaskuntzako ikastaroak egiteko. Deialdiak 360.000 € aurreikusten ditu, iaz baino 10.000 € gehiago, onuradunak urtetik urtera gorantz baitoaz.

Dirulaguntza eskatzeko epea urriaren 1etik zabalduko da abenduaren 2an amaituko da. 
Dirulaguntza horiek bateragarriak dira toki entitateek ematen dituztenekin. Horrela, euskara ikastea gero eta merkeagoa da, zenbait udalerritan doakotasunera ere iristen delarik.

Nafarroako Gobernuaren eta toki entitateen dirulaguntzak ezagutzeko jo dirulaguntzen atalera

 

Euskaltegiek bost hamarkadako esperientzia

Euskaltegiek bost hamarkada daramatzate Nafarroan euskara irakasten, euskarazko hiztunak sortzen, nafarrak euskaraz bizi daitezen bultzatzen eta euskarazko kultura zabaltzen. 

Urte horietan guztietan ikasleen beharretara egokitzen joan dira eta gaur egun eskaintza anitza dute. 

Nafarroako euskaltegien zerrenda osoa aurkitu daiteke Elaideko atal honetan.