Errigorak 10 urte bete-bete

Errigorak bere udazkeneko kanpaina aurkeztu du. Elkartearen hamargarren urteurrena denez, aurtengo saski eskaintza desberdina izanen da, «hastapenetakoari keinu» eginen baitio. Hala, 50 euroko saski bakarra osatu dute: «Originala, biribila eta biderkatzailea».

10 urte bete-bete lelopean aurkeztu zuten kanpaina. «Garenak, izan garenak eta izan nahi dugun guztiak batu nahi ditugu, hamarkada baten ostean, fase berri bati elkarrekin eta indarberrituta ekiteko. Inoizko beteena izango da», adierazi zuen aurkezpenean Natxi Aranburu Errigorako presidenteak.

10 urteko ibilbidea

2013an jaio zen Errigora. «Nafarroa hegoaldekoak propio diren produktuak Euskal Herrian zehar zabaltzeko» eta «zonaldeko euskalgintzari ekarpena egiteko» xedea zuen egitasmo hura jende mordoa harritu zuen ekimen freskoa zen. 8.000tik gora lagunek bat egin zuten egitasmoarekin eta gurpila jiraka hasi zen.

Ordutik, urteez gain, 130.000tik gora saski bete ditugu Nafarroa hegoalde eta erdialdeko produktuekin, Euskal Herrian bertan kontsumi daitezen. Aldi berean, euskalgintzaren zakua ere oparo bete dugu —1.800.000 euro!— saskiek emandako mozkinekin. 

Saski bakarra

Aurten saski bakarra egonen da eskatzeko, "originala, biribila eta biderkatzailea". 23 ekoizleren 9 produktu ekologiko eta konbentzional elkarrekin.

5 produktu amankomunak –zainzuriak, piperrak, orburuak, gozo bat eta alkoholdun botila bat– eta beste 4 produktuak gainontzeko ohiko produktuekin osatuta.  

Nola eskatu?

Eskariak azaroaren 9a arte egin daitezke www.errigora.eus webgunean.