Bortzirietan barrena, euskararen arnasguneetako bat

Uda aitzinera doa, eta aurreikusi bezala, barne turismoa gailentzen ari da gure opor eta udako planetan. Bortzirietara, atzerriko bisitari gutxiago heldu da aurtengoan, uztaileko erdialdetik aitzinera gorakada sumatu arren.

Euskara balorean jartzeari dagokionez, Baztan, Malerreka eta Bortzirietako euskara zerbitzuek euskararen inguruko esku orritxoa banatzen diete Euskal Herritik kanpoko bisitariei, gaztelaniazko, frantsesezko, katalanezko eta ingelesezko bertsioetan.

UEMAk egindako ikerketa batek erakusten duen bezala, kanpoko bisitariek estimatzen dute euskara, bisitatzen ari diren herriaren hizkuntza. Euskara bizi-bizia da bortz herrietan. Bertako ostatu eta jatetxe anitzek "Bertatik bertara" kanpainarekin bat egin dute, turismo eskaintzan hemengo altxorrak nabarmentzen dituena, euskararen erabileratik hasita.

Bortziriak hitzak dioen bezala, bortz herri zoragarrik osatzen dute eskualdea. Beran, Lesakan eta Etxalarren badira turismo bulegoak; Arantzan eta Igantzin herriko etxean ematen dute informazio turistikoa.

Jarraian, herri bakoitzean bisitatzen ahal diren zenbait toki edo txoko zerrendatzen dira, duten balio historiko, kultural, natural zein estetikoagatik.

Arantza
Aranibar etxea / Osiña eta Itturritzako garbilekuak / San Juan Xarreko eta Putzu Beltzeko ur jauziko ibilbideak.

Bera
Herriko etxea plaza, herriko etxea eta eliza / Legia eta Altzate karrikak / Barojatarren Itzea etxea.

Etxalar
Andra Mari eliza eta lorategiko hileta estelak/Usategiak (XIV. mendetik)/Infernuko errotako ibilbidea. Etxalarren herria ikusteko bisita gidatuak egiten dira euskaraz.

Igantzi
Frain mendiko ikuspegia / San Juan Xarreko erreserba naturala (sarrera Arantzakorako errepidean dagoen arku batetik / Irrisarri Land abentura parkea.

Lesaka
Eliza ingurua / Zabaletako dorrea eta Onin erreka / Agiñako megalitoak