Hamaika egun euskararen erabilera aktibatzeko

Euskaraldia bertan da. Maiatzaren 15etik 25era milaka ahobizi eta belarriprest nafarrek parte hartuko dute ariketa masiboan hizkuntza ohituren inertziak astinduz euskara gehiago erabiltzeko.

Euskaraldiaren laugarren edizioa da aurtengoa eta, aurrekoetan bezala, milaka nafarrek eman dute izena euskararen erabilera aktibatzeko auzolan erraldoi honetan. Datozen 11 egunetan, ahobizi eta belarriprestei esker, euskararen presentzia eta erabilera areagotuko dira gure herri, hiri eta auzoetan. Hauek dira rol horien arabera norbanakoek hartu dituzten konpromisoak:

- Ahobiziek konpromisoa hartu dute lehenbiziko hitza euskaraz egiteko, euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiteko, baita elkarrizketa elebidunetan euskarari eusteko ere.

- Belarriprestek aldiro erabakiko dute euskaraz noiz eta norekin egin; agian, ez dute beti euskaraz eginen, baina bai eskatuko diete besteei euskaraz egiteko.

Txaparen garrantzia

Antolatzaileek azpimarratu dute txapa janztea ezinbestekoa dela ariketaren arrakastarako. Izan ere, identifikagarri horrek erakusten du jantzita daukanak euskaraz badakiela, eta mezu argia bidaltzen du: “nirekin hitz egin euskaraz"; eta hori oso lagungarria da norberarentzat zein aurrean duenarentzat, euskaraz askoz erosoago aritzeko aukera ematen baitu.

Bestalde, hizkuntza ohituren inertziak astindu eta aldaketak eragiteko adibide sorta bat zabaldu dute, esaterako: hurbileko norbaitekin adostu zuen artean euskaraz gehiago egiteko moduak; ezagutzen ez duzun komertzio batera joan eta euskaraz eskatu; zalantzaren aurrean euskaraz probatu; sare sozialetan mezuak euskaraz idatzi; bizipenak partekatu; entitate batera deitzean hasieratik euskaraz egin edo “Kaixo, badakizu euskaraz?” formula erabili...

Erronka txiki zein handiak har daitezke lagunekin, lanean, aisialdian, familian... eta denon artean errazagoa izanen da. Elkar mugituz lortuko dugu!