Albumak ez dira txikitako kontuak

Esku artean album ilustratu bat hartzen badugu beti pentsatzen dugu liburu mota hori, marrazkiz betea, umeendako dela.  Baina, egia esan, oraingoan aurkeztuko dizkizuegun hiru album hauek gazte-helduendako dira. 

Anastasini zirkua

  • Idazlea: Miren Amuriza
  • Marrazkilaria: Malen Amenabar
  • Argitaletxea: Denonartean

1936ko uztailean iritsi zen Anastasini zirkua Lodosara. Jatorriz italiarrak ziren arren, laguntzaileetako asko Ceutakoak ziren. Emanaldi bakarra eskaini zuten,  Espainiako Bigarren Errepublikaren aurkako estatu-kolpea gertatu zen egunean; hain zuzen ere, uztailaren 18an. Biharamunean, soldadu frankistek hartu zuten herria: zirkuko kide gehienak afusilatu zituzten eta beren material eta animalia guztiak barreiatuta geratu ziren,77 karpa handi bat eta zamalanetarako erabiltzen zuten elefante bat, besteak beste.  Elefante harekin topo egin zuen haurrarena da narrazio hau. Sekretu bat isilpean eduki ezin izan duen haur bat.

“Hiru gauza jakin behar dituzu lehenengo. Bat, gauetan kaleak astoaren tripa baino ilunago egoten zirela. Bi, gure etxean ez zegoela pertsianarik zuloren bat ez zeukanik. Eta hiru, ordu txikietan gertatzen diren gauzak, txarrak izaten direla normalean. Baina zuk larunbat goizalde hartakoa jakin nahiko duzu, noski. Eta, nik, esango dizut argi-lerro batekin esnatu ginela, motor-hotsa entzun genuela, eta bospasei kamioneta pasatu zirela gure leihopetik plazarantz. Horixe gertatu zen. Amak ohetik ez mugitzeko agindu zigula. Ez genuela ezer ulertzen. Eta handik egun batzuetara jakin genuela gertatzen ari zena gerra zela.”

 

Mur mur

  • Idazlea: Ane Labaka
  • Marrazkilaria: Raquel Samitier
  • Argitaletxea: Erein


Itoizko urtegiak aurretik eramandako herrien istorioa du oinarri liburuak. Ama bat eta haren alaba dira protagonistak, Itoizko urtegiak bereganatutako herri bat atzean utzi behar izan dutenak. Murmur ez da soilik liburuaren izenburua. Idazleak beste hainbat esanahi eman dizkio, hala nola liburuko amaren eta alabaren arteko isiltasuna, inkomunikazioa edota esanezina. Era berean, Samitierrek pertsonaia bilakatu du Murmur: nork bere herria atzean uzteak dakarren tristura.

“Amak hogeita hamaika zituen. 2003ko irailaren 15a zen azken muga-eguna; herria utzi behar zuten nahitaez. Orbaitz, Itoitz, Gorritz, Ezkai, Muniain eta, azkenik, Artozki. Zenbaitek men egin zioten aginduari eta, etsi-etsian, maletategiak sustraiz, erroz eta harriz beteta alde egin zuten handik, bigarren bizitza bat hutsetik eraikitzeko. Beste batzuek, baina, eustea erabaki zuten. Zetorrenari buru egitea.”


Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez

  • Idazlea: Harkaitz Cano
  • Ilustrazioak: Isabel Hergera
  • Argitaletxea: Erein


Fernando Bernuesen antzezlan batean oinarrituta, Harkaitz Canok idatzitako album ilustratu honek, Isabel Hergueraren ilustrazioekin, liburutegiei eta literaturari omenaldia egin nahi die. Alabarekin nola komunikatu ez dakien aita batek paperezko hegazkin bat bidaltzen dio egunero balkoitik agur esateko. Hegazkinetan idatzitako mezuen bidez, aitak literatura-misioak jartzen dizkio alabari, liburuzain zorrotz baten konplizitatearekin argitu ditzan. Horrela, liburuen eta bizitzaren arteko lotura ezagutuko du neskatoak. Urte asko geroago, orain idazlea den alaba, liburutegira itzuliko da bere lehenengo liburuan jaso duen iniziazio-esperientzia hori kontatzeko.

“Ikusi nahi ez nuen jendez bete zen etxea. 
Non sartu zen nire ama? 
Eta aita? Non sartu zen nire aita? 
Eta ni neu? Non sartu nintzen neu? Mundua aldatu egin zen, eta ez nintzen mundu berri hartan nire burua topatzeko gai, artilezko jertse handiegi eta astunegi bat soinean jarri izan balidate bezala, mahuka luze-luzeak zeuzkana eta muturretan eskuak ateratzeko zulorik batere ez. 
Orduan norbaitek esan zuen: 
—Lur jota dago Oihana. 
Ni naiz Oihana eta ez nekien lur jota egotea zer zen. 
Basoak lur jota daudenean, zuhaitzek lurra jo dutelako izaten da? Halaxe geunden aita eta biok. 
Paisaia bat. Paisaia horren suntsipena. Hitzak falta zaizkizu. Edo, hobeto esan, denak dauzkazu soberan.”