Udaberrian jarri mingaina dantzan    

Maiatzaren 6an, larunbatean, 6. eLe festa ospatuko da Altsasuko foruen plazan, alde zaharreko festen barruan. Mintzodromoak emanen dio hasiera festari. Tafallan, berriz, ginkana izanen dute maiatzaren 12an, euskararen astearen barruan. Bata zein bestea euskara praktikatzeko aukera politak dira.

Sakanako 6. eLe festa 

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak, AEK-k eta Guaixe Fundazioak, AltsasukoUdalaren laguntzarekin, 6. eLe festa antolatu dute maiatzaren 6an, Altsasuko foruen plazan, Gure etxea aurrean. 

12:00etan emanen diote hasiera mintzodromoarekin. Antolatzaileek euskara praktikatzeko gonbidapena egin diete euskaltegiko ikasleei, mintzakideei eta ekimenean parte hartu nahi duten euskaldunei. 

Gai jartzaileak Idoia Granizo Uribarrena eta Ekain Alegre Gil bertsolariak izanen dira. Mintzodromoaren ondoren, parte hartzaileendako auzatea izanen da. 
Festari bukaera emateko, emanaldia eskainiko du Pantxika Lamurrek.     

Zer da Mintzodromoa?

Mintzodromoaren helburua euskararen erabilera sustatu eta erabilera hori kalera ateratzea da, jendea mintzodromoan euskaraz solasean jarriz; euskara ikasten ari den euskaraz hitz egitera animatzea; euskaraz jakin arren, euskaraz aritzeko aukera gutxi dituenari aukera hori ematea; nahiz eta euskalduna izan, ohituraz, euskaraz gutxi egiten duenari motibazioa areagotzea.

Parte hartzaileak talde txikitan eseri, eta interes orokorreko lauzpabost gairi buruz hitz eginen dute. Gai bakoitzarendako 10-15 minutu inguru izaten dute. Denbora hori pasata, eserlekua eta mintzakideak aldatu, eta gai berria hartuko dute. 

Tafallan ginkana

Tafallan Euskararen Astea ospatuko dute maiatzaren 8tik 12ra. Ospakizun horien barruan, maiatzaren 12an, ginkana eginen dute. Parte-hartzaileek zenbait proba gainditu beharko dituzte herrian barna. Herriko merkatariak, tabernak eta hiritarrak ere konplize bihurtu nahi dituzte, euskara erabiliz edo proba bat edo beste eginez. 

Animatu parte hartzera!