Mintzakide: “Eta euskaraz egiten badugu?”

Ikasturte berriarekin batera, Mintzakide taldeak martxan jartzeko prest daude. Euskara praktikatu nahi baduzu, baina ez badaukazu norekin egin, edo euskalduna izanda euskaraz bizitzeko aukera berrien bila bazabiltza, eman izena Mintzakiden!

Praktikatuz ikasten da

Hizkuntzak erabiliz ikasten dira. Beraz, euskararen ikas-prozesua bizkortzeko eta aberasteko euskara praktikatu behar da. Batzuetan, ordea, ez da erraza izaten euskaltegitik kanpo euskaraz egitea edo ingurukoekin ditugun hizkuntza ohiturak aldatzea. Horretan laguntzen du Mintzakide edo Solaslaguna egitasmoak. 

 

Zer da Mintzakide?

Mintzakide euskaraz hitz egiteko ohitura dutenak ohiturarik (edo aukerarik) ez dutenekin elkartzen dituen egitasmoa da. Mintzakide taldeak txikiak dira. Taldean euskaraz ongi moldatzen den pertsona bat egoten da. Hura ez da irakaslea; beste taldekide bat da, eta ikasten ari direnei edo erraztasunik ez dutenei laguntzen die mintzapraktika programa honetan. 

Taldeak, orokorrean, astean behin eta ordubetez elkartzen dira. Taldekideek erabakitzen dute noiz eta non elkartu: tabernan, paseoan, parkean... 

Gainera, ikasturtean zehar hainbat ekintza antolatzen dira taldeak elkarren artean ezagutzeko eta euskaldunak saretzeko. 

 

Aldaerak: Gurasolaguna eta Parkelaguna

Gurasoen behar bereziak kontuan harturik, Mintzakidek bi eskaintza ditu gurasoendako:

  • Gurasolaguna: ikastetxe edo herri bereko gurasoak euskaraz hitz egiteko elkartzen dira astean behin, ordubetez, ikastetxean umeak hartu aurretik edo ondoren. Partaideek erabakitzen dute eguna eta ordutegia.
  • Parkelaguna: Ume txikiak dituzten gurasoei egokituta dago. Haurrak eta gurasoak elkartzen dira, eta parkean dauden bitartean euskaraz mintzatzen dira. Oso onuragarria da gurasoen eta seme-alaben arteko hizkuntza ohiturak modu naturalean finkatzeko.

 

Non dago Mintzakide? Begiratu mapa honetan.


Informazio gehiago: mintzakide.eus edo praktikatu.eus