Nafarroako euskaltegitako ikasle kopurua %32 igo da urtebetean

Igoera are nabarmenagoa A1 hasiera mailan (%54). Matrikula igoera Euskarabideak A1 mailan %100 arteko dirulaguntzak iragartzearekin batera etorri da. 

Nafarroako euskaltegiek 5.443 ikasle dituzte ikasturte honetan, duela urtebete baino %32 gehiago. Are handiagoa da A1 mailako (hasiera) igoera, iaz baino %54 ikasle gehiago matrikulatu baitira. Hau da, 2024ko irailean 1.355 matrikula egin ziren maila horretan, eta 2025eko hilabete berean, berriz, 2091. 

Igoera Nafarroako eskualde guztietan nabaritu da. Beste autonomia erkidego eta estatu batzuetatik etorritako pertsonen artean ere gehikuntza nabarmena izan da.  

 

2026an ere dirulaguntzak gora
Goranzko bilakaera hori bat dator Euskarabideak emandako doakotasunerako urratsekin –oraingoz, A1 mailan-. Nafarroako Gobernuak doakotasuna beste mailetara zabaltzeko asmoa du. Horretarako, Euskarabidearen aurrekontuak indartu dituzte 2026an: hain zuzen, iaz 560.000 euro jarri zituzten euskara ikasten ari diren helduen dirulaguntzetarako, eta aurten, berriz, 968.000 euro. 

 

Urtarrileko matrikulazio epea zabalik
Euskara ikasi edo hobetu nahi duenak, euskaltegiek urtarrilean irekitzen duten matrikulazio epea aprobetxatu dezake.