Mintza Poza, mintzalagunen ikasturte amaiera ospakizuna

Azkeneko bi urteotan mintzapraktika taldeek ezin izan dute ohiko ikasturte amaiera besta ospatu, Mintza Eguna hain zuzen ere. Aurten, ordea, Euskal Herriko Mintzalagunek Mintza Poza lehiaketa antolatu dute ikasturtea amaitzeko. Bide telematikoak erabilita, herri bateko zein bertzeko mintzalagunak elkartzeko parada izanen da.

Mintzalagunek Mintza Poza lehiaketa antolatu dute ikasturtea agurtzeko. Herri edo eskualde bakoitzeko kideak aurrez aurre elkartuko dira, eta bide telematikoak erabilita bertze herrietako lagunekin elkartzeko modua izanen dute, eta hartara euren berri izateko. Azken batean, lagun artean euskara praktikatzeko aukera izanen dute, hori baita egitasmoaren funtsa.

Lehiaketa
Hasteko, herriko Mintza taldeak elkarren artean arituko dira jolasean eta ondoren, bigarren zatian, herri bakoitzeko talde onenek finala jokatuko dute elkarren artean. Sariak ere izanen dira.
 
Herri eta eskualdeak
Honako herri eta eskualde hauetan izanen da parte hartzeko aukera: Arrasate, Aretxabaleta, Donostia, Lasarte, Hondarribia, Baztan Bortziriak eta Malerreka, Iruñerria, Getxo, Arabako Errioxa eta Gorbeialdea.