Iruñerriko III. Mintzodromoak badu data

Iruñerriko III. Mintzodromoa apirilaren 24an izanen da Iruñeko autobus geltoki zaharrean, 18:30etik aurrera. Iruñerriko euskaltegiek eta Mintzakide egitasmoak antolatu dute elkarlanean “Iruñerriko euskaldunak, ikasleak eta euskaltzaleak elkartu, harremana egin eta hainbat gairen inguruan hitz egiteko”. Izena emateko epea irekita egonen da apirilaren 19ra arte. 

Hirugarren urtez, Iruñerriko AEK, Iruñerriko IKA, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofiziala eta Zubiarte euskaltegiek eta Mintzakide egitasmoak bat egin dute Iruñerriko Mintzodromoa antolatzeko. 

Helburua “jende ezberdina elkartu, harremana egin eta euskara euskaltegietatik kanpo ateratzea” da. Aurreko esperientziak “oso aberasgarriak” izan dira; “familia giroa sortu da beti”. 


Zer da Mintzodromoa?

Mintzodromoa hainbat gairen inguruan hitz egiteko gunea da. Antolatzaileek hiru gai proposatuko dituzte eta horien inguruan aritzeko gidoia ere bai. Lauzpabost laguneko taldeak eginen dira. 15-20 minutuz gai baten inguruan aritu ondoren, tokia eta gaia aldatuko dituzte eta beste talde batean arituko dira beste gai baten inguruan tar-tarrean, “tar-tar goxoan”. Hori egindakoan, berriz ere, gaia eta mintzakideak aldatu eta gauza bera eginen dute. Euskalerria Irratiko Reyes Ilintxetak bideratuko eta aurkeztuko du lan saioa.

Azken edizioan bezala, Nafarroako euskalgintzako kide eta persona famatuek ere parte hartuko dute. Bukaeran zozketa eginen da. 

 

Izen-ematea

Eman izena esteka honetan, euskaltegian bertan edo 948 22 22 46 telefonoan. 
Izena emateko azken eguna: apirilaren 19a.