Ipuinez beterik heldu zaigu udaberria

Durangoko Azokako uholdea pasatuta, Libururen Nazioarteko Egunaren inguruan izaten da argitalpenen loraldi txikiago bat, oso emaitza interesgarrik erakusten dituena, eta, gainera, liburuak denboraz eta patxadaz ezagutzeko aukera ematen diguna. Jarraian aipatuko ditugun lan guztiak emakumeek idatzitakoak dira, eta haien lehendabiziko edo bigarren lanak dira.

Lehendabizikoa da Garazi Arrularen Lurraz beste (Txalaparta). Arrulak plazaratu duen bigarren  ipuin-liburua da, eta, oraingo honetan, Iratxe Retolaza aritu da editore. 8 ipuin hauek badute ezaugarri komun bat: protagonistak sentimentalki deserrotuta edota haien toki fisikotik kanpo daude. Idazleak harridura, lotsa eta deserosotasuna sortzea bilatzen du irakurlearengan. Izan ere, denok sentitu dugu noizbait heldulekurik gabe geratu garela.

Bigarrena itzulpen bat da: Irene Pujadas idazle katalanaren lehen liburua: Puskak (Igela). Amaia Apalauzarena da itzulpena, eta 21 istorio biltzen ditu, laburrak, edonori egunerokotasunean gerta dakizkiokeenak, umorez josiak. Itzultzailearen hitzetan liburua «freskoa, ganberroa eta bizia da, ahozkotasunetik hurbileko erregistroko hizkeran idatzia, eta ez beti normatiboa».

 

 

Hirugarrena Olatz Mitxelenaren Arrain hezur bat eztarrian (Elkar) dugu, Igartza sariari esker idatzitakoa. Ezer ez da dirudiena istorio hauetan. Jon Martínen hitzetan, «Telesail bateko sarrerak nola, gertatuko denaren pistak eskaintzen ditu idazleak, baina irakurleak oraindik deskodetu ez ditzakeen eran. Ipuinaren itxieran, ordea, irakurleari irudituko zaio amaierak ezin zuela bestelakoa izan». 

Laugarrena Esti Martinezen Animalia domestikoak (Elkar) da. Egile honen narratibazko lehendabiziko lana da, eta leku hurbilak eta giro intimoak erakusten dizkigu. Izan ere, era askotakoak dira gure etxeetan habia egiten duten sentipenak, maskotak bezain eguneroko bihurtu arte. Soberako hitzik gabeko idazkera soila dauka Martínezek.

 

 

 

Bosgarrena Iratxe Ormatzaren Printzak begietan (Elkar) litzateke, Bilbon kokatua eta mende bateko denbora-tartea hartzen duena. Zehazkiago, XX. mendeko hamarkada bakoitzari istorio bat sortu dio Iratxe Ormatzak, eta ipuin bakoitzean emakume baten bizipenak kontatu. Hortaz, ipuin guztietan emakumeak dira protagonistak, maiz baztertuak eta zanpatuak, baina beste emakume batzuekin ahizpatasun harremanak eraiki dituztenak. 

Eta, azkena, Aintzane Usandizagaren Zomorrotu (Elkar) daukagu. Bere aurreko lanean, Kabitu ezina (Elkar) izenburukoan eta bigarren honetan ere umorez deskribatzen ditu gure gisakoak izan daitezkeen pertsonaiak. 5 istorio luze dira, nobela laburren antzekoak. Egilearen hitzetan, «Izenburuak bi adiera ditu: zomorro bihurtzea, mesfidati; eta mozorrotzea, besteengandik ezkutatzeko».