Helduek euskara ikasteko laguntzak deitu ditu Nafarroako Gobernuak

Barnetegietan, ikastaro estentsibo eta trinkoetan, autoikaskuntzan eta ikastaro espezifikoetan ikaskuntza laguntzen da.

Diru-laguntza horiek bi modalitatetan banatuko dira:

  • A modalitatea: 2021eko urriaren 26tik aurrera egindako matrikuletarako, ikastaroek 2022ko irailaren 30erako bukatuta behar dute. A modalitatean eskaerak egiteko epea maiatzaren 26an zabaldu zen, eta abuztuaren 31n amaituko da.
  • B modalitatea: 2022ko abuztuaren 29etik abenduaren 1era bitartean hasiko diren ikastaroetarako, ikastaroek 2023ko ekainaren 30erako  bukatuta behar dute. B modalitateko eskaerak egiteko epea, berriz, urriaren 1ean hasiko da eta azaroaren 30ean amaitu.

Deialdiak dirulaguntzak eskainiko ditu, barnetegietan ikasteko, ikastaro estentsibo eta trinkoak eta autoikaskuntza zein berariazko ikastaroetarako. Aurrez aurreko talde arruntetan eta barnetegietan, gutxienez, ikastaroek 40 orduko iraupena izanen dute; baliabide telematikoen bidezko irakaskuntzetan, aldiz, 100 ordu ikastaroko. Azkenik, berariazko ikastaroek 40 eskola-ordu baino gehiagokoak izan behar dute.

Dirulaguntza hauek jaso ahalko dituzte hurrengo betebeharrak betetzen dituzten pertsonek: 16 urte baino gehiago izatea (kasu honetan, eskaera gurasoek edota adingabekoaren tutoretza duenak eginen dute); Nafarroan erroldatuta egotea, Nafarroako Ogasunarekiko ordainketak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea; euskarazko ikastaro batean izena emanda egotea eta horrengatik ordainketaren bat egin izana. Baita onuradun izan nahi duenak, gutxienez eskolen ordu kopuruen %80 hartu duela ere egiaztatu beharko du.

Euskarabidearen diru-laguntzen informazio osoa hemen.

Halaber, gogoratu nahi da garai honetan, Nafarroako hainbat toki entitatek ere diru-laguntzak deialdiak deitzen dituztela. Hauen gaineko informazioa, hemen.