Durangoko Azokako 57. edizioa abenduaren 7tik 11ra antolatuko da aurten. Bi urte berezien ostean, azokak bere ohiko formatua berreskuratuko du: erakusmahaiak Landako gunean. 248 stand izango ditu, 176 parte-hartzailerekin. Nobedadeen artean, 689 liburu, 141 musika-produktu, 46 aldizkari eta 54 bestelako produktu egongo dira.
Baina betiko formatuaz gain, azokak pandemia garaian bultzatutako hainbat ekimenekin ere jarraituko du. Abenduaren 7tik 10era martxan egongo den on line dendaz ez ezik, eta Zu non, han DA! proiektuari esker, azokak jarraipena izango du Euskal Herriko liburu dendetan abenduaren 11tik 23ra arte.
Elaidetik hainbat liburu aholkatu nahi dizkizugu Durangon, on line edo herriko dendan eros ditzakezunak:
Lur gainean, itzal azpian estereotipoak alde batera utzita emakume nekazariak ezagutzeko liburua egin du Leire Milikuak. Liburu honetan emakume baserritar askoren ahotsak daude bilduta eta horietako bat, Josebe Blanco, izan da hitzaurregilea.
Toureren sagako bederatzigarren liburua plazaratu du Jon Arretxek: Lyrica garaia. Bilboko Afrika Txikira itzuli da sasi-detektibea. Sa Kenegatik kezkatuta dago gorputzean markak eta beltzuneak igarri baitizkio. Argitzen saiatuko da bere amoranteari zer gertatzen ari zaion.
Angel Errok Poema liburu bat irakurtzeko jarraibideak poesia-bilduma plazaratu du, urteetan zehar idatzitako idatziekin osatua. Garai ezberdinetan eta gai ezberdinei idatzitako poesiak aurkituko ditugu bertan, baina ez da liburu zaila inondik ere. Irakurle guztientzako liburua da.
Bar Gloria plazaratu du Nerea Ibarzabalek, bere lehen nobela. Familia baten taberna jarri du agertoki nagusitzat. Taberna itxi eta garbiketa lanekin bukatzean, mahai beraren bueltan biltzen dira gauero Ana, Rakel eta Migel. Hiru protagonisten bizipenak ehunduz osatu du Ibarzabalek eleberria.
Amek ez dute arrakastatsuaren ondoren, Berriz zentauro eleberriarekin itzuli da Katixa Agirre. XXI. mendearen erditsuan gaude. Paula Pagaldai izeneko protagonistaren pausoak jarraitzen ditu idazleak, Parisen. Hiru seme-alabaren ama, sexu birtualaren zale sutsua eta hezkuntzan espezializatutako enpresa teknologiko batean bazkidea da Pagaldai.
Alberdania argitaletxeak Irene Solàren Dikeak lana ekarri du euskarara. Idazle katalanaren lehen eleberria da, 2017an argitaratua, Ingalaterran pasatako boladan idatzi zuena. Solàren lehen lana da, baina ez da Alberdaniak argitaratzen duen lehena. Aurretik Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak plazaratu zuen, biak Joxan Elosegik itzulita.
Ni ez naiz Mikel Laboa komikia sortu dute Unai Iturriagak, Harkaitz Canok eta Joseba Larratxek. Ohiko biografia bat egin beharrean, Laboaren kantuen izpiritua, aldartea eta umorea hartu dituzte egileek. Euskal kantaririk miretsiena eta maitatuena, sasoi baten, geografia baten eta jendarte baten ispilu da Mikel Laboa.
Juainas Paul Arzakek 1969an sorginen gaiarekin aurrenekoz topo egin ondoren, hainbat material bildu du han eta hemen: agiritegiak, liburutegiak, liburuak, agiriak, elkarrizketak adituei… Material horren guztiaren azalpena eta azterketa da Sorginkeriarena gurean sorginkeriari buruzko saiakera mamitsua. Euskal Herrian gertatutakoak ikertzen dira, ahaztu gabe zabalagoa zen testuingurua.