Euskara ikasteko dirulaguntzak

Nafarroako Toki Entitate askok eta Euskarabideak euskara ikasteko diru-laguntzak ematen dituzte.
Euskaltegietan izena emateko epea irekita dugu oraindik. Laster ekingo zaio, beraz, ikasturte berriari.
Hori dela eta, Nafarroako Toki Entitateek eta Euskarabideak euskara ikasteko ematen dituzten diru-laguntzen berri eman nahi dugu ELAIDEn albiste honetan.

Urte asko dira, jada, Nafarroako Udal askok helduen euskalduntzearen aldeko apustua egin zutela, Baztandik Erriberrira edota Pirinioetatik Mendigorriara, Nafarroako jendartearen euskalduntze lanean euren ekarpena eskaintze aldera.

Aldeak, ordea, nabariak dira udalerrien artean, horretarako jartzen diru-kopuruaren, eskatzailearen egoeraren, ikastaro motaren, eta abarren arabera. Batzuetan matrikula gastuaren portzentajea ordaintzen dute, beste batzuetan eta eskatzailearen egoeraren arabera ikastaroa doan ateratzen ahal zaio, herri hainbatetan ikastaro trinkoetarako eta barnetegietarako diru gehiago ematen dute estentsiboetarako baino……

Diru-laguntza hauen berri izateko sartu https://elaide.eus/eu/diru-laguntzak

Bestalde, Euskarabideak ere diru-kopuru bat bideratzen du helduentzako euskara eskolak diruz laguntzeko. Laguntza horiek bateragarriak dira toki-entitateek ematen dituztenekin, eta urtean zehar laguntzak arautzen dituen Foru Agindua argitaratuko da..

Gainera, diru-laguntzak eskatzeko epeak aldatu egiten dira udalen arabera. Ekainean eskatu ahal dira herri batzuetan, eta beste batzuetan, berriz, urrian izaten da garaia diru-laguntza hauek eskatzeko.