Durangoko Azokako aurtengo edizioan, abenduaren 6tik 10era egingo dena, 265 ekitaldi egongo dira aukeran, eta 950 nobedade eskura. Nobedade horien artean ezinbesteko liburuen zerrenda prestatu dugun Elaiden.
Jon Arretxe: Musker amarruak (Erein) ELEBERRIA
Jon Arretxek eleberri sozial bat idatzi du berriz Toureren sagako hamargarren atal honetan, boteretsuen gehiegikeriak eta baztertuen egoera zorrotz salatzen dituena. Nobela honetan idazle basauriarrak hain berezkoa duen umorea aurkituko du irakurleak, beltz samarra eta ukitu surrealista batekin. Tourek atzean utzi du Bilbo, eta zoriak Las Palmasera eraman du, helburu bakarrarekin: bizirik irautea. Paperik gabekoek bizi dituzten baldintza ziztrinek edozein proposamen onartzera behartzen dituzte, eta kasu honetan, kirol apustuen negozioa izango da diru erraza lortzeko bidea. Kanariar borrokari ekingo dio gure burkinarrak, lagun berri batek, Escaleritasko Muskerra txapeldun ohiak konbentzituta. Baina, erabaki horren ondorioz, Toure dohakabea beste abentura batean nahastuko da, bere bizitza ere jokoan jartzeraino.
Karmele Jaio: Maitasun kapitala (Elkar) ELEBERRIA
Bere maitalea izandako Martinen hiletan dago Olga. Bertan gogoratzen du berarekin bizi izandako pasio sutsua, gizonak duela urtebete utzi zuen arte. Oroitzapenetan murgilduta, Martinekiko bere mendekotasun emozionalaz ohartzen da, eta horrek agerian uzten dio, bere burua emakume aske eta ahaldundutzat bazuen ere, maitasunarekin beti izan duen kontraesana. Aldi berean, tesi bat zuzentzen dabil Olga irakaslea, emakumeei maitasuna euren bizitzako erdigunea izaten erakutsi zaien moduan sakontzen duena, horretarako Artearen eta Literaturaren historiako zenbait lanetan oinarrituz. Pertsonaiek bizitako esperientziak eta bateko nahiz besteko artistek piztutako gogoetak tartekatuz, nobela anbiziotsu bat osatu du Karmele Jaiok, arin irakurtzen dena baina arrasto sakona uzten duena, nor bere buruari begira hausnarketara bultzatuz.
Xabier Montoia: Hiriak eta urteak (Pamiela) POESIA
Hemezortzi urte pasatu dira Xabier Montoia idazle eta kantariak, Bingo, bere azken poesia-lana plazaratu zuenetik. Denbora horretan eleberriak eta ipuinak argitaratu ditu, baina, berak aitortzen duen bezala, noizbehinka poesiak bisita egiten dio. Liburu hau azkeneko bi urtetako bisita horien emaitza da. Izenburuan azaltzen diren bi terminoak dira ardatz edo gai nagusiak: tokia eta denbora. Hamar bat hirirekin lotuak daude poemak, batzuk benetakoak eta beste batzuk fikziozkoak, eta denboraren isla guztietan nabarituko du irakurleak. Idoia Unzurrunzagak hutsik dauden hirietan ateratako argazkiekin jantzi dute lana.
Iñigo Martinez Peña: Pantailen garaipena (Elkar) SAIAKERA
Iñigo Martinez Peña filosofoak Pantailen garaipena liburuan gu inguratzen gaituzten pantaila mota desberdinak aztertu ditu. Ondorioztatu duenez, askotan uko egiten diogu gure askatasunari ustezko segurtasun eta kontrolaren ordainetan. Izan ere, botereak erabat garden nahi gaitu, boterea bera sekula garden izango ez den arren; kaleak eta lanpostuak bideozaintzaz beteta dauzkagu eta etengabe zelatatzen gaituzte; nahiago dugu GPSari itsatsita egin bidea, bila gabiltzana non dagoen ingurukoren bati galdetu baino; kaleak gehiegi argiztatzeak loaren kalitatean eragiten digu, besteak beste; paisaia edo leku berri batera iritsita, hura argazkietan jasotzen tematzen gara, momentua disfrutatzea ahaztuta…
Irene Solà: Begiak eman nizkinan eta ilunpeei behatu hien (Alberdania) ITZULPENA
Itzultzailea: Joxan Elosegi
Hona hemen Irene Solàren nobela berria, argiaren eta ilunpearen, bizitzaren eta heriotzaren, ahanzturaren eta oroimenaren, errealitatearen eta alegiaren arteko bitasuna eta, aldi berean, batasuna kontagai bihurtu dituen istorio ezin ederragoa. Hala defini daiteke Irene Solàren nobela berria, Begiak eman nizkinan eta ilunpeei behatu hien, idazleak idatzitako hirugarrena eta Joxean Elosegik itzuli duena Alberdania argitaletxearentzat. Hori ez da Alberdaniak euskaratzen duen Solàren lehen lana, aurrez ere Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak (2020) eta Dikeak (2022) plazaratuak baititu.
Yurre Ugarte (idazlea) eta Julen Ribas (ilustratzailea): Iris XXII (Txalaparta) KOMIKIA
Kateaturiko hondamendi multzoen ondotik, XXII. mendean, Numun gizartea sortu dute kokaleku ezezaguneko irlan, landare luminiszenteen argitan. Iraganetik kutsadura, plastikoak eta liburu batzuk besterik ez zaie iritsi. Greta Kik ezkutatu egiten du eguzki haziak dituela malkoetan, suninsider deitzen duten horietako bat dela. Baina Max Serekin eraiki du loetxea, eta ezinezkoa zaio sekretua gordetzen jarraitzea. Max Sek hura bezalako guztiekin esperimentuak egin nahiko ditu, eta Greta beldur da, atzera hondamendira itzuliko ote den beldur. Batzuk arbasoen ondare natural eta kulturala berreskuratzen eta gordetzen saiatzen diren bitartean, beste batzuk bizitza luzatzeko asmakizunean dabiltza, post-hondamendiko salbatzaile asmoz; eta, tartean, Iris umea, haur jolasetan. K.o. XIV. mendean Dante Alighierik idatzitako Jainko antzerkiaren pasarteek protagonista interpelatzen duten bezala, irakurlea ere ez da epel geratuko hondamendiak utzitako arrastoei segika.