Bernardo Atxagaren `Paradisuaren kanpoko aldeak: idatzi komikoak eta tristeak´ (nonahi irakurtzeko modukoak)

Bere ibilbide literarioan zehar idatzitako hainbat testu, poema eta ipuin bildu ditu Bernardo Atxagak. Jendaurrean irakurritako testuak dira guztiak eta hainbat gai, estilo eta genero aurkituko ditu irakurleak: poemak, narrazioak, gogoeta laburrak… Izan ere, duela urte batzuk Atxagak iragarri zuen ez zuela eleberri gehiagorik idatziko. Asteasuarrari Estatu Frantseseko hainbat kartzelatan egin zituen irakurrialdietan bururatu ziztzaion liburua osatzea. Kondena luzea duen preso bati zer irakurri, hori zen bere kezka nagusia. Poema tristeak aproposak al dira horrelako toki batean irakurtzeko? Beharbada bai, inun baino toki hobea dira. Hortaz, liburu honetan irakurleak presoekin batera jasoko ditu poemak, batzuk oso ezagunak egin direnak kantu bilakatu diren aldetik. Hona hemen horietako batzuk:
 
Egun finlandiar bat 
(Asun Garikanorekin hizketan telefonoz)
https://www.badok.eus/euskal-musika/gari/gari
Egun finlandiar bat,
egun finlandiar luze bat
berrogei egun arrunten
luzerakoa behar dut.
 
Egun finlandiar bat nahi nuke
zurekin hizketan jarraitzeko,
aztertzeko nola bizi
paradisutik kanpora.
 
Finlandiako zerua urdina da
eta udaran are eta urdinago.
Eguzkiak laranja bat ematen du,
eta ilargiak berdin, beste laranja bat.
 
Egun finlandiar bat nahi dut,
egun finlandiar luze bat.
Laster aurkituko dugu, maitea,
paradisuaz kanpora bizitzeko modua.
 
Desolatio
https://www.badok.eus/euskal-musika/itoiz/eremuko-dunen-atzetik-dabil

Esaten du ene hiztegi batek
desolamendu hitza latinezko
desolatio hartatik datorrela,
jenitiboz desolationis.
Dio baita ere mila seirehun eta
hamaikagarren urtean sortu
eta idatzi zela lehenengo aldiz
antzara zuri baten lumaz;
bere esanahiak direla
bakardade, ruina, hondamen.
Baina ez dio ezer
kaletik doan
jendearen
bihotzetaz;
ez dio ezer,
zutaz eta nitaz,
kartzela edo
kuarteletako
patioetaz…

 
Mazisi Okeita Denbele
https://www.badok.eus/euskal-musika/jabier-muguruza/boza-barruan

Mazisi Okeita Denbelek
Bilboko kafetegian
kafe kikara eskuetan hartu eta
ezpainetara darama pentsakor.
Zer ari ote da pentsatzen
Mazisi Okeita Denbele
kafetegi horretan, urrun,
etxetik hain urrun, Bilbon.

Afrika aldetik etorritako
gizon horri begiratzen diot:
mostradore atzeko ispiluan
kafea hartzen ari da pentsakor.
Zer ari ote da pentsatzen
Mazisi Okeita Denbele
kafetegi horretan, urrun,
etxetik hain urrun, Bilbon.

Ispilu aurrean dauden
bi koñak botilen artean,
hortxe ikusten ditut
gizon horren begiak, pentsakor.
Zer ari ote da pentsatzen
Mazisi Okeita Denbele
kafetegi horretan, urrun,
etxetik hain urrun, Bilbon.

Afrika aldeko bere herrixkan
ari ote da pentsatzen?
Hango andre batengan?
Futbolari buruz? Hango gerraz?
Zer ari ote da pentsatzen
Mazisi Okeita Denbele
kafetegi horretan, urrun,
etxetik hain urrun, Bilbon.

Baina, zer aditzen da?
Hitz berezi batzuk direla dirudi.
Mazisi Okeita Denbele
xuxurlaka ari da, pentsakor:
“Lingo Lingo Mboka te,
Lingo Lingo Mondele te
Lingo Lingo Moyindo te”.
Holaxe mintzo da Mazisi.

“Tina Tokabuana Ngo Salo
Moko Mama Tina Toyinama.”
Holaxe mintzo da Mazisi.
Ispiluari so, pentsakor.
Kafe kondar bat gelditu da
kikara barrenean.
Mazisi Okeita Denbele
Badoa kalera bakar-bakarrik.

 
Adam eta bizitza
Gaixotu zen Adam paradisua utzi eta aurreneko neguan,
eta eztulka, buruko minez, hogeita hemeretziko sukarraz,
negarrari eman zion Magdalenak gerora emango bezala,
eta Evarengana zuzenduz "hil egingo naiz" esan zion oihuka,
"gaizki nago, maite, beldur naiz, ez dakit zer gertatzen zaidan".
Harritu egin zen Eva hitz haiekin, hil, beldur, gaizki, maite,
eta berriak iruditu zitzaizkion, hizkuntza arrotz batekoak,
eta ezpain artean ibili zituen maiz, hil, beldur, gaizki, maite,
harik eta zehazki ulertzen zituela iruditu zitzaion arte.
Ordurako sendatua zegoen Adam, eta poz-pozik zebilen.
Paradisuaz geroko lehen gertaera hark segida luzea izan zuen,
eta lehengoez gain, hil, beldur, gaizki, maite, Adamek zein Evak
hitz berriak ikasi behar izan zituzten, min, lan, bakardade, poz
eta beste hamaika, denbora, neke, algara, eder, kezka, kemen.
Beren hiztegia hazi ahala, zimurtuz joan zitzaien azala.
Zahartu zen erabat Adam, sentitu zuen hurbil heriotzaren ordua,
eta Evarekin elkarrizketa sakon bat izateko gogoa sortu zitzaion.
"Eva", esan zion, "ez zen ezbehar bat izan paradisuaren galtzea.
Minak min, oinazeak oinaze, gure Abelen zoritxarra halako zoritxar,
bizi izan duguna izan da, zentzurik nobleenean esanda, bizitza".
Adamen hilobi atarian malko arruntak ixuri ziren, gatz eta urezkoak,
lurrera erortzean hiazinto edo arrosa alerik eman ez zutenak,
eta Kain izan zen, paradoxaz, negarrez bortitzen puskatu zena.
Gero Evak irribarre xamurrez gogoratu zuen Adamen lehen gripea
eta halaxe, lasai, etxera joan eta pastelak jan zituzten, eta txokolatea.