Euskarazko liburuak udan irakurtzeko: Nafarroako uzta

Udan, ikasturtea amaituta, denbora libre gehiago izaten dugu. Erlaxatzeko eta deskonektatzeko garaia da, eta irakurtzea modu ezin hobea da horretarako. Gainera, eguraldi onarekin, zer hobe liburu bat hartu eta parkean, hondartzan edo mendian irakurtzea baino? Irakurtzen dugunean, gainera, gure euskara-maila hobetzen ari gara. Hortaz, irakurtzea aukera ona bada, euskaraz irakurtzea are hobea. Azken aldian liburu asko argitaratu dira. Horien artean Nafarroako idazleek idatzitakoak aukeratu ditugu. Gozatu irakurketa fresko eta freskagarri hauetaz! 

 

Itsasoaren ahutzak
Komikia
Jon Alonso eta Adur
Elkar

Historia honek egiazko kasu batean du oinarria: Jose Migel Etxeberria “Naparra” errefuxiatu iruñarraren desagerketa, 1980. urtean gertatua. Komikia, ordea, fikzio bat da hasieratik bukaeraraino. Hortaz, eta fikzioak irakurtzeko erabili ohi diren betaurrekoekin irakurri behar da. Izan ere, hamaika modu egon daitezke militante politiko bat desagerrarazteko. Hemen kontatzen dena horietako bat liteke.

 

 

 

 

Zure arnasa zaintzeko
Narrazio laburra
Nerea Balda
Erein

Alaba nerabezaroan duela, eskuliburuetan irakurritakoa praktikan jarri ezinean dabil protagonista, urteak zaintzari eskaini ondoren, lanera itzuli den liburuzaina. Alaba noiz eta nola urrundu zaion asmatu ezinik dabil, eta ezin horrek gorputza hipokondriaren mugaraino estutzen dio. Horrela dabilela, batetik, Alizerekin egin du  topo, nahasmena eragiten dion emakumearekin. Bestetik, Demetrio zaharra eta Nunkui haren zaintzailea ezagutu ditu. Protagonista da pertsonaia guztien artean sortuko den sare bitxia harilkatuko duen jostorratza. Musikaz eta literaturaz blaituriko kontakizuna da Zure arnasa zaintzeko, zaintzaren gazi-gozoez ari zaiguna.

 

 


 

Odol arrastoak elur gainean
Eleberria
Xabi Lasa
Elkar

Sara Zaldaiz, Nafarroako Gobernuan uraz arduratzen den teknikariak, saltsa lodi batean katramilatuta ikusiko du bere burua: batetik, kolore desberdinetako politikoen arteko jokoak; bestetik, enpresari dirugoseen jukutriak, eta azkenik, hiltzaile gupidagabeen esku zikinak. Bere aurreko nobela Erriberan gertatzen bazen, honakoan Erronkarira garamatza egileak, hango mendi ikusgarri eta paisaia elurtuetan kokaturiko thriller bizi eta intrigaz beteriko honetan.

 

 

 

 

Honekin egin nahi duzuna 
Poesia
Itziar Agirre
Balea Zuria

Lan honekin irabazi du gazteak Donostia Kultura Poesia sariaren 9. edizioa. Paisaiak eta naturak pisu handia hartzen dute bilduman eta  intimotasunaren eta ingurunearen arteko tentsioa azaleratzen du. Gogoetara jotzen du, galderak egitera, denboraz eta nongotasunaz hausnartzera. Mugak interesatzen zaizkio Agirreri, mugen inguruko bidegurutzeak. Muga fisikoak eta ikus ezin daitezkeenak. Poemetan sarritan agertzen dira paretak, etxea, paisaia… Zerura ere begiratzera ausartzen da, aspaldian egin ez den bezala.